Aurreko jardueretan, eskakizuna identifikatu dugu. Orain, hori gauzatzeko beharrezkoak ditugun ezagutzak zehaztuko ditugu, eta behar ditugun ezagutza berriak jasoko ditugu.

  1. PARAMETROAK ZEHAZTU
  2. EZAGUTZAK ESKURATU: ZERGATIK ERABAKI
  3. EZAGUTZAK ESKURATU: ZER ETA NORK ERABAKI
  4. EZAGUTZAK ESKURATU: NOLA ERABAKI
  5. EZAGUTZAK ESKURATU: NOLA EMAN IRITZIA

1. PARAMETROAK ZEHAZTU

Proposamena arrakastaz burutzeko, zer jakin behar duzue? nola egingo duzue?

1. Biltzar txikietan, identifika ezazue zer hartu behar duzuen kontuan; hau da, proposamena gauzatzeko zer jakin behar duzuen, zer egiten jakin behar duzuen eta zer izaten jakin behar duzuen. Idatz itzazue Taldearen Koadernoan. Adibidez:

«Gai bati buruzko iritzia jaso nahi dugu».
«Hori nola egin erabaki behar dugu».
«Ondokoari arretaz entzuten jakin behar dugu».

2. Zerrenda denon artean osatu ondoren, biltzar txikietan, orri birakaria egitura erabiliz, erabaki ezazue ezagutza horietako zeinetan sakondu beharko zenuketen erronkari arrakastaz aurre egiteko. Ezagutza berriak bururatzen bazaizkizue, erantsi horiek ere. Adibidez: «adostasunera iristeko moduak…».


2. EZAGUTZAK ESKURATU: ZERGATIK ERABAKI

Argi geratu da zuen bizitzako hainbat alderditan erabakitzeko aukera eta eskubidea duzuela. Eta gizartean? Demokrazia aginte-modua dugun herrialdeetan, erabakitzeko ahalmen handiagoa dugu herritarrok. Sakondu ezazue haren ezaugarrietan, behar izanez gero, 1. informazioa euskarria erabiliz.

1. Demokraziari buruz dakizuena biltzeko:

  1. Biltzar txikietan, egin ezazue ideia-jasa bat, egin kontzeptuak mapa digital batean, eta itsatsi Taldearen Koadernoan.
  2. Biltzar nagusian, aurkeztu egindako mapak, eta, hala behar izanez gero, osatu/egokitu egindakoa.

2. Demokraziaren ezaugarriak zerrendatzean, ohartuko zineten herrialde guztietan ez direla ezaugarri guztiak maila berean betetzen, hau da, demokraziak ere badituela bere mailaketak.

  1. Bikoteka, azter itzazue hurrengo kasuak, demokrazia-mailak edo -ereduak bereizi eta identifikatzeko, eta adieraz ezazue bakoitza zein ereduri dagokion, arrazoiak justifikatuz.
  2. Trukatu egindakoa beste bikote batekin, eta konparatu erantzunak.

3. Bikoteka, alderatu itzazue logika ordezkatzailean eta logika parte-hartzailean oinarritutako demokrazia-ereduak, hau da ohiko demokrazia eta Gobernantza berria, eta idatzi herritarren partaidetzari buruzko ondorioak paragrafo batean.

4. Biltzar txikietan, imajina ezazue estatu berri bat sortu duzuela eta konstituzioa, hau da, herrialdeko oinarrizko legedia, prestatzen hasi behar duzuela denon artean. Lehen urratsa konstituzio horren hitzaurrea idaztea da, hor zehazten direlako herrialdeko sistema politikoa, haren ezaugarriak eta balio gorenak.

  1. Lehenik eta behin, hitzaurrean agertu beharreko 5 ezaugarri edo balio zerrendatuko ditu ikasle bakoitzak; hots, zein baliotan oinarritu nahi duen, zer nolako demokrazia-eredua izango duen…
  2. Ondoren, taldean, partaide bakoitza idatzitakoak irakurtzen hasiko da. Beste kideek ados dauden edo ez adieraziko dute, arrazoiak emanaz. Guztien adostasuna duten ezaugarri edo balioak Taldearen Koadernoan idatziko ditu idazkariak.
  3. Lehenengo ikasleak bukatutakoan, beste ikasleek oraindik aipatu gabekoak irakurriko dituzte, eta adostasuna lortzen dutenak Taldearen Koadernoan jasoko dira.
  4. Errepasatu zehaztutako ezaugarriak, eta idatzi zuen Konstituzioaren hitzaurrea. Nahi izanez gero, hainbat konstituziotako adibideak ikus ditzakezue.

3. EZAGUTZAK ESKURATU: ZER ETA NORK ERABAKI

Ohartu gara erabakitzea oso garrantzitsua dela, demokrazia parte-hartzaileak gu guztion iritzia eta erabakitzeko aukera indartzen dituelako. Oraingoan, parte hartzeko moduak aztertuko ditugu; bereziki, gobernantzak egiten duen ekarpena. Izan ere, gu guztion ahotsa entzunarazteko zer erabaki, eta, halaber, nork erabaki dezakeen jakitea garrantzitsua da.

1. Gai horretan sakontzeko, adituen egitura erabiliko duzue: biltzarkide bakoitza gaiaren atal baten arduraduna izango da, eta 2. informazio-euskarria erabiliz, horri buruzko ezagutzak jasoko dituzue. Ondoren, egindakoa azalduko diozue elkarri.

  • Banatu zuen artean hurrengo atalak, eta egin bakoitzari dagozkion ariketak. Taldearen Koadernoan:
    1. Demokrazian erabakiak hartzeko ohiko sistema.
    2. Erabakiak hartzeko agenda.
    3. Gobernantza demokratikoa.
    4. Demokrazian parte hartzeko une edo faseak.

4. EZAGUTZAK ESKURATU: NOLA ERABAKI

Erabakiak jasotzeko, horiek biltzeko zer tresna erabiliko duzuen erabaki behar duzue. Horretarako, lehenik, demokrazia parte-hartzailean gobernantzak dituen tresna deliberatzaileak eta erabaki-hartzaileak ezagutuko dituzue. 3. informazio-euskarrian duzue horri buruzko informazioa.

1. Tresnak ezagutzeko, adituen egitura erabiliko duzue oraingoan ere.

  1. Banatu bitartekoak taldekideen arduren arabera:
    • Zuzenean deliberatzeko tresnak:
      • Koordinatzailea: herritarren kontseilua.
      • Idazkaria: aurrekontu parte-hartzaileak.
      • Koordinatzailearen laguntzailea: Agenda 21 eta komunitate-plana.
    • Zuzenean erabakitzeko tresnak:
      • Bozeramaileak: erreferenduma.
  2. Elkartu zaitezte ardura bereko hiruzpalau kideko taldetan, eta bil ezazue zuen tresnari buruzko informazio hau: zer da, zer ezaugarri ditu, zer funtzio edo indargune ditu, noiz eta non erabil daiteke, adibideak eman (informazioan daudenak eta bilatutako berriak).
  3. Berriz ere, bildutakoa elkarri azaldu biltzar txikietan, eta osa ezazue denon artean Taldearen Koadernoko taula.

2. Erronkan erabaki bat hartu behar duzuenez, sakondu dezagun zuzenean erabakitzeko tresnatan: Erreferendumean, honokoak biltzar txikian eginaz:

  1. Egin erreferendum-ereduen eskema bat, eta zehaztu eredu bakoitzaren funtzioa, eskaria nork egin dezakeen, zein gai galdetu daitezkeen, eraginkortasuna eta horien ondorioak.
  2. Zerrendatu erreferendumaren aldagaiak edo ezinbesteko ezaugarriak.

3. Erreferendum eta galdeketen kasuak. Biltzarkide bakoitzak kasu bat aztertu ondoren, komenta itzazue biltzar txikian herrialdeen egoeren arteko desberdintasunak eta antzekotasunak, zer motatako erreferendumak dituzten, herritarren parte hartzeko eskubideak… Kokatu, egindako eskeman, herrialde horietako partaidetza-mota bakoitza, dagokion lekuan.


5. EZAGUTZAK ESKURATU: NOLA EMAN IRITZIA

Erronka gauzatu ahal izateko, hainbat erabaki adostu beharko dituzue, eta erabakiak adosteko, zuetako bakoitzak zuen ideiak, iritziak eta proposamenak aurkeztu beharko dizkiozue elkarri, argudio egokiak erabiliz eta modu eraginkorrean. Zuen iritzia kontuan hartua izan dadin, argudiatzeko eta kontra-argudiatzeko formulak errepasatuko ditugu. Gehiago jakiteko, hemen duzue informazio gehigarria.

1. Jarraian, eztabaidetarako garrantzitsuak diren lau baliabide ditugu. Biltzar txikietan, biltzarkide bakoitzak horietako bana aztertuko du.

  1. Egin dagokizuen baliabideari buruzko ariketa Taldearen Koadernoan.ERAGINKORTASUNEZ EZTABAIDATZEKO KONTUAN IZAN BEHARREKOAK:
    1. Iritzia defendatzeko argudioak.
    2. Argudioen hizkuntzazko eta ez hizkuntzako baliabideak.
    3. Argudioei aurre egiteko kontra-argudioak.
    4. Asertibitatea
  2. Amaitutakoan, ikasitakoaren berri eman elkarri.

2. Jar ezazue praktikan eztabaidari buruz ikasitakoa, modu eraginkorrean, erronkan erabakitzen hasi aurretik, entsegu modura:

  1. Jarri biltzar txikiko kideak bikoteka. Bikote bakoitzak hiru minutuko eztabaida prestatuko duzue.
  2. Lehenik, gaia adostu, adibidez: asteburuan nora joan nahi duzuen, zer opari erosiko diozuen lagun bati urtebetetzean…
  3. Ondoren, bakoitzak pentsa ditzala gaiarekiko bere iritzia edo proposamena eta bestea konbentzitzeko argudioak, bost minutuz.
  4. Azkenik, elkarrizketa egingo duzue, txandaka, nork bere iritziaren alde eragiteko helburuarekin. Bikotekide bakoitzak bere ikuspuntuaren defentsa egingo du, lehendabizi batek, eta gero besteak. Elkarrizketan zehar, beste bikotekideak zuen lana baloratuko du, irizpide hauen arabera:
    • Ideiak asertiboki adierazi ditu.
    • Bere iritzia eta argudioak bat datoz.
    • Argudioak pisuzkoak dira (ebidentziak…).
    • Jarrera, keinuak eta ahots-tonua egokiak dira.
    • Kortesiazko formulak erabili ditu kontra-argudiatzean.
    • Errespetuz eta argi hitz egin du.
    • Bestearen argudioak aktiboki entzun ditu.