Dagoeneko jaso dituzue zuen erabakiak bateratzeko behar zenituzten ezagutzak, sakondu duzue demokrazia parte-hartzailearen ezaugarrietan, parte hartzeko uneetan, eta hainbat tresnen abantailak eta desabantailak ere landu dituzue. Orain zuzenean deliberatzeko eta erabakitzeko tresnak zuen erronkari aplikatzen hasiko zarete.
- EZTABAIDARAKO GAIA ADOSTU
- EZTABAIDARAKO TRESNA ADOSTU
- GALDEKETAREN GALDERA ETA EZAUGARRIAK ADOSTU
- ADOSTUTAKOEI BURUZ HAUSNARTU
1. EZTABAIDARAKO GAIA ADOSTU
Demokrazia parte-hartzailean, lehenik, entzuteko fasea dugu; hau da, denon artean erabaki behar dugu zer gai sartuko dugun ikastetxeko agendan.
1. Gaia erabakitzeko, zuzeneko deliberazio tresna erabiliko duzue, herritarren kontseiluaren parekoa, adituen egitura kooperatiboa:
- Lehenik, Biltzar nagusian, ideia-jasa bat egin ezazue, interesgarriak izan daitezkeen gaien zerrenda bat egiteko. Zerrenda egin eta antzekoak diren gaiak bateratu.
- Biltzar txikietan bildutako adituek, zerrendatik interesgarrienak iruditzen zaizkizuen 5-6 gai aztertuko dituzue ondorengo irizpideen arabera, eta bi gai egokienak adostuko dituzue. Baliagarriak izango zaizkizue ikasi berri dituzuen eztabaida eraginkorren ezaugarriak. Txantiloia Taldearen koadernoan duzue.
Gaien ezaugarri hauek kontutan izan behar dituzue:- Gaiaren ikuspegi ezberdinak egotea ikasleen artean, gaiari buruz erabakitzea delako helburua (ez du balio adostasuna duen gai bat izatea)
- Gaiak norengan duen eragina, erabakia hartzean nork parte hartu beharko lukeen baldintzatuko duelako (ikasleek bakarrik, ikastetxe osoak…).
- Gai horri buruz erabakitzeko eskumena nork duen, indarrean dagoen ikastetxeko araudiaren arabera.
- Gaiaren ezaugarrien arabera zein gunetan edo fasetan dagoen, horrek erabakitzeko tresna eta erabakiaren etorkizuna baldintzatuko duelako:
- Gaia zuetako batzuen kezka izatea, eta horri buruz ikasleen iritzia jasotzeko asmoa egotea, agenda publikoan sartzeko helburuarekin (adibidez jolas garaian ogitartekoak saltzeko baimena izatea…).
- Gaia agendan egotea, hau da ikasle ugariren kezka izatea gaia, eta nahi duzuena agenda politikoan / ikastetxeko erabaki-organoen agendan sartzea izatea, horretarako gaiari buruzko ikasleen iritzia jasoaz (adibidez mugikorren erabilera ikasgelan).
- Gaia, dagoeneko agenda politiko edo instituzionalean egotea, hau da ikastetxea erabakitzen ari da gaiari buruz eta zuek ikasleen iritzia bildu eta adierazi nahi izatea kontutan izan dezaten (adibidez ordutegien aldaketa …)
- Biltzar Nagusian, aurkez itzazue erabakitako gaiak, eta haien justifikazioa egin. aipatutako baldintzen arabera.
- Ondoren, taldekide bakoitzak, bere lehentasunen arabera, zerrenda laburtuko gaiei puntuazioa jarriko die: garrantzitsuen deritzon gaiari 3 puntu emango dizkio, hurrengoari 2 puntu, eta hirugarrenari 1.
- Puntuazio gehien duten 3 gaien abantailak eta desabantailak eztabaidatuko dituzue, bi zutabeen dinamika erabiliz.
- Amaitzeko, erabaki nahi duzuen gaia adostuko duzue, aho batez edo bozketaren bitartez, aurrez erabakitakoaren arabera.
2. EZTABAIDARAKO TRESNA ADOSTU
Dagoeneko ezagutzen dituzu herritarrek zuzenean erabakitzeko hainbat tresna. Orain, bitartekorik egokiena hautatu behar duzue denon artean adostutako gaiari buruzko zuen erabakia bateratzeko.
1. Elkarrekin erabakitzeko tresna hautatzeko, biltzar txikietan jarraitu hurrengo urratsei:
- Aurreko jardueran adierazi bezala, tresna erabakitzeko hautatutako gaiaren ezaugarriak kontutan hartu behar dira. Horretarako, lehenik, zehaztu hurrengo kasutan gaiaren arabera zein motatako erreferenduma den egokiena. 3.4, Nola erabaki jardueran egindako eskema oso baliagarria suertatuko zaizue:
KASUAK:- Gaia, dagoeneko erabakia dago, araudian zehatua, eta horren aurka joan daiteke erabakia
- Gaia erabakitzeko prozesuan dago, ikasle talde batek agenda publikoan sartu nahi du.
- Gaia, erabakitze prozesuan dago, ikasleen artean agenda publikoan dago eta agenda politiko/ instituzionalean sartu nahi da.
- Gai, erabakitze prozesuan agenda instituzionalean dago, ikastetxea erabakitzen ari da eta ikasleen iritzia bildu nahi da
- Goiko erantzunetan oinarrituz, eta, hautatu duzuen gaia kontuan izanda, erabaki zein den zuen gairako erreferendum motarik egokiena.
2. Biltzar nagusian, biltzar txikietako bozeramaileek taldeetan erabakitakoa azalduko duzue, euren tresnaren aldeko argudioak emanez.
3. Erabakia hartu ondoren, koordinatzaile laguntzaileak elkarturik, idatz ezazue Galdeketa gauzatzeko protokoloari erantsiko diozuen zuen Ikastetxeko Galdeketaren deialdia; hau da, prozesuak izan beharko dituen ezaugarriak edo aldagaiak. Hemen duzue protokoloa eta osatzeko Ikastetxeko Galdeketa deialdia lagungarri gisa.
3. GALDEKETAREN GALDERA ETA EZAUGARRIAK ADOSTU
Eztabaidatu duzue gaiaz, baita tresna erabaki ere zuzeneko parte hartzeko bitartekoen bidez. Orain, sortu duzuen galdeketaren protokoloan oinarrituz, lehen urratsak adostu behar dituzue: deliberatzeko tresna den adituen taldetan.
1. Lehenik galdera adostuko duzue. Biltzar txikiak desegingo dituzue, eta galdera adosteko hiruzpalau kideko talde berriak egingo dituzue. Talde berri horiek osatzeko irizpidea hasieran taldeak osatzeko aukeratu zenituzten koloreen araberakoa izango da; hau da, adibidez, kolore berdea hautatu zuten 3-4 kideek talde bat osatuko dute, eta abar.
- Hasteko, talde bakoitzak galderak izan beharreko ezaugarriak zerrendatuko ditu. Horretarako, Goierrin egindako esperientzia biltzen duen bideoan oinarrituko zarete.Nola iritsi gara Goierrin GALDERA ADOSTERA?
- Pentsa ezazue, bakarka, ezaugarri horiek dituen galdera bat. Ondoren, adostu ezazue arkatzak erdira egitura erabiliz.
2. Data. Talde bakoitzak galdeketa egiteko datarik egokiena proposatuko du, kontuan izanik ikastetxeko egutegiko hurrengo egunetako ekintzak. Kontuan izan, halaber, zenbat denbora beharko duzuen galdeketa gauzatzeko, zein gelak/ikasmailak parte hartuko duten aintzat hartuta.
3. Parte hartzea eta emaitzak balioesteko gutxiengoak. Azter itzazue koordinatzaile laguntzaileek gai hauei buruz protokoloaren eranskinetan idatzitakoak, eta eztabaidatu ea egokiak diren ala ez. Adostasunik ez balego, prestatu zuen proposamen berria
4. Biltzar Nagusian, bozeramaileek idatzitako galdera, data eta parte hartzea/emaitzei buruzko proposamenak azalduko dituzte. Biltzar txikitan proposatutakoen artean desberdintasunik balego, koordinatzaileak bilduko dira eta euren artean galdera, data eta beste ezaugarriak adostuko dituzte. Komeniko litzateke pare bat data/ordu adostea gero ikastetxeko zuzendaritzari proposatzeko.
5. Biltzar txikitan proposatutakoen artean desberdintasunik balego, koordinatzaileak bilduko dira eta euren artean galdera, data eta beste ezaugarriak adostuko dituzte. Komeniko litzateke pare bat data/ordu adostea gero ikastetxeko zuzendaritzari proposatzeko.
6. Adostutakoarekin, koordinatzaileek Ikastetxearen Galdeketaren deialdia osatuko dute eta egindakoaren akta jaso. Aktaren txantiloia hemen duzue.
4. ADOSTUTAKOEI BURUZ HAUSNARTU
Azken jardueratan hainbat gairi buruzko erabakiak hartu dituzue: erabakiko duzuen gaia, tresna eta egingo duzuen galdera. Orain, bakarka, zuotako bakoitzak prozesuan zer sentitu duzuen adieraziko duzue.
1. Idatz ezazu, Gogoeta Kaieran, gaia, tresna eta galdera erabakitzeko prozesuan bizitutakoa. Nola sentitu zara erabakitzeko prozesuetan? Aukera izan al duzu zure iritzia taldean azaltzeko eta argudiatzeko? Eta besteen iritziak enpatiaz entzun al dituzu? Konforme al zaude azken erabakiekin? Zergatik?