Dagoeneko ohartu zarete erabakitzeak duen garrantziaz, eta taldeak ere osatu dituzue. Orain, Erronka ezagutuko duzue: batetik, eskakizunak identifikatuko dituzue, eta, bestetik, zehaztuko duzue eskaerari aurre egiteak zer onura ekarriko dizkion taldeari nahiz norbanakoari.

  1. Erronkaren eskakizunak identifikatu
  2. Taldearen helburuak adostu
  3. Bakarkako helburuak zehaztu

1 ERRONKAREN ESKAKIZUNAK IDENTIFIKATU

Identifikatu zein den elkarrekin erabakitzeko erronka eta zer eskakizun dituen.

1. Ikus ezazue Elkarrekin erabaki bideoa, eta, binaka, erantzun galderei:

  1. Zer proposatzen zaizue egitea?
  2. Zergatik edo zertarako?
  3. Interesgarria iruditzen al zaizue proposamena? Zergatik?
  4. Bertan agertzen denez, zein izan daitezke iritziak biltzeko urratsak?

2. Sortutako talde txikien bilerei biltzar txikiak deituko diegu; beraz, biltzar txikian bilduta, aurkeztutako erronka aztertuz, identifika itzazue eskakizunak (zer egin behar duzuen, norentzat, nola…), 1-2-4 egitura erabiliz. Egitura hori ezagutzen ez baduzue, irakurri informazioa.

3. Biltzar nagusian, biltzar txikietako bozeramaile batek egindakoa aurkeztuko du. Ondoren, beste bozeramaileek esandakoa osatuko dute. Idazkariak aurrez egindakoa doitu/ egokituko du, eta Taldearen Koadernoan idatziko du.


2 TALDEAREN HELBURUAK ADOSTU

Erronkari taldean aurre egiteak hainbat onura ekarriko dizkio zuen ikaskuntza-prozesuari.

1. Onura horietatik abiatuta, adostu itzazue zuen taldeko helburu bat edo bi (hainbat gauzatan trebatuko zarete…).

  1. Proposatzen dizuegu helburuetako bat izatea gatazken kudeaketaren bitartez elkarbizitza hobetzeko lor dezakezuen onuraren bat; adibidez, erronkaren amaieran, «zuen arteko harremanak indartsuagoak izatea». Behar izanez gero, irakur ezazue Taldearen Koadernoan duzuen informazioa.
  2. Adostu helburua(k) arkatzak erdira egitura erabiliz, eta idatz itzazue Taldearen Koadernoan.

3 BAKARKAKO HELBURUAK ZEHAZTU

Erronka honetan, Gogoeta Kaiera osatuko duzue, bakarka. Bertan, proposamena egitean sortuko zaizkizuen ideiak eta hausnarketak idatziko dituzue. Kaiera horren bitartez, errazago ikusiko duzue egitasmoan zehar bakarka egingo duzuen bidea.

1. Horrekin hasteko, egin ezazu Gogoeta Kaieraren kopia bat, jarri zure izena, eta idatzi paragrafo batean erronkaren izenburua nahiz haien eskakizunen aurrean duzun iritzia edo jarrera.

2. Taldean gatazkak kudeatzeko urrats bat eman duzue jada, baina erronkan aurrera egin ahala, bestelako ekarpenak ere jasoko ditu zuotako bakoitzak.

  • Zehaztu ezazu erronka honetako zure helburua, eta pentsatu nola joango zaren hori gauzatzen. Gogoeta Kaieran duzun zerrenda lagungarri izango zaizu. Adibidez, elkarbizitzarako gatazken kudeaketari jarraikiz, helburua izan daiteke «inor mindu gabe, nik benetan pentsatzen dudana modu egokian adieraztea».