Erabakiak biltzeko momentua iritsi da, eta demokrazia parte-hartzaileen faseetan gertatzen den bezala, erabakia hartzeko ezinbestekoa da, lehenik, eztabaida-fasea egitea, deliberazio edo eztabaida partekatua eginez. Jarraian, lan horietan arituko zarete.

  1. GALDEKETA PLANIFIKATU
  2. GALDEKETA ANTOLATU
  3. GALDEKETAREN KANPAINA EGIN
  4. GALDEKETAREN DEBATEA ANTOLATU.
  5. DEBATEA GAUZATU
  6. GALDEKETA GAUZATU
  7. GALDEKETA-PROZESUAREN ETA EMAITZEN KOMUNIKAZIOA

1. GALDEKETA PLANIFIKATU

Galdeketa gauzatu ahal izateko, lehenik eta behin, egin beharrekoak planifikatu behar dituzue; alegia, erabakitzeko fasea nahiz eztabaida- eta kudeaketa-faseak planifikatu behar dituzue.

1. Biltzar txikietan, sor ezazue planifikazio-taula bat paperean edo digitalean. Bertan, zereginak, zeregin bakoitzaren arduradunak eta horiek nola egingo dituzuen zehaztuko duzue.

  1. Zerrendatu itzazue egin beharrekoak, protokoloa, sortu duzuen ikastetxe deialdia eta Ezagutzak eskuratu: nola erabaki jardueran egindako erreferendumaren aldagaien informazioa erabiliz.
  2. Zereginen arduradunak zehazteko, egokiena litzateke galdeketaren aurreko zereginak zuen artean banatzea. Horretarako, lanak taldekideen arduren arabera eslei ditzakezue. Zereginak ezagutzeko, irakur itzazue hurrengo 3 jarduerak.
  3. Ondoren, erants ezazue nola egingo duzuen zeregin bakoitza.

2. Amaitu ondoren, biltzarretako koordinatzaile laguntzaileak bilduko dira. Biltzarretan egindako planifikazioa aurkeztuko diote elkarri, eta planifikazio bakarra zehaztuko dute. Biltzarreko idazkariak behin betiko planifikazio-taula idatziko du Taldearen Koadernoan.


2. GALDEKETA ANTOLATU

Galdeketa behar bezala egin dadin, ezinbestekoa da baimendua eta ongi antolatua egotea. Hori izango da hurrengo zeregina.

1. Bil zaitezte galdeketa antolatu behar duzuen guztiak. Ikastetxeko deialdia, eta planifikazio-taula kontuan izanik, zehaztu egin beharreko guztiak, eta egokitu taula, hala behar izanez gero.

2. Eginbeharrak banatzeko, batzorde ezberdinak sortu, bakoitzak eginkizun batzuek izango dituelarik. Adibidez, batzuek baimena lortzeko kudeaketa-lanak egingo dituzte, lekua, eguna eta ordua proposatuz; Jarraipen Batzordekideek behar diren kutxak, txartelak… presta ditzakezue; Mahaietako kideek, berriz, bozketa-egunerako rol eta funtzioak zehaztuko dituzue.

Guztia errazago antolatzeko, hemen duzue Batzordeen izendapen eta eginbeharren akta, boto-paperen adibidea, eta boto-paperen txantiloia eta akreditazio ereduak.


3. GALDEKETAREN KANPAINA EGIN

Demokrazia parte-hartzailearen ezaugarriak lantzean, ikusi dugu, erabakia zentzuzkoa izan dadin, ezinbestekoa dela gaiari buruzko iritzia osatzea, eta, horretarako, eztabaida-fase bat antolatzea. Deliberazio-fasearen atal bat galdeketaren kanpaina egitea izango da, iritzi desberdinak plazaratzeko helburuarekin.

1. Bil zaitezte kanpaina diseinatuko duzuen guztiak. Protokoloa eta planifikazio-taula kontuan izanik, zehaztu itzazue eginbeharreko guztiak, eta egokitu taula, hala behar izanez gero. Kanpainan argi geratu behar da zein den galdera eta zer bozkatu nahi duzuen, eta, aldi berean, parte-hartzea sustatu behar da.

  • Banatu ezazue taldea bitan, gaiari buruz duzuen iritzien arabera. Saia zaitezte talde orekatuak egiten.
  • Azpitalde bakoitzak bere iritziaren aldeko argudioen zerrenda bat egingo du.
  • Jendeak zuen iritziaren alde bozka dezan lortzeko, erabaki itzazue slogan, propaganda-esaldi eta hitz-gakoak, argudio erakargarriekin. Horri buruz gehiago jakiteko, ikus informazioa eta eredu batzuk.
  • Kanpaina diseinatzeko erabiliko dituzuen euskarrien arabera (horma-irudi digitalak, paperean, sare sozialak…), antola itzazue behar dituzuen baliabideak (irudiak, marrazkiak, testuak…).
  • Galdeketa antolatzen ari direnei galdetu bozketaren eguna, lekua eta ordua, eta jarri informazioa zuen horma-irudietan.

2. Horma-irudiak egin, eta jarri baimendutako lekuetan, jendeak iritzi desberdinei buruzko informazioa jaso dezan.


4. GALDEKETAREN DEBATEA ANTOLATU.

Eztabaida-fasearen helburua gaiari buruzko iritzia osatzea denez, iritziak plazaratzeko oso baliagarria da gaiari buruzko debate bat egitea. Zuen lana debate hori antolatzea izango da, eta, ondoren, Biltzar nagusian egitea.

1. Bil zaitezte debatea egingo duzuen guztiak. Planifikazio-taula kontuan izanik, zehaztu itzazue eginbeharrekoak, eta egokitu taula, hala behar izanez gero. Debatean, iritziak era egokian azaldu eta argudiatu behar dituzue.

  1. Banatu ezazue taldea bitan, gaiari buruz duzuen iritzien arabera. Saia zaitezte talde orekatuak egiten.
  2. Azpitalde bakoitzak bere iritziaren aldeko argudioen zerrenda bat egingo du. Partaide bakoitzeko argudio bana idatziko duzue, gutxienez.
  3. Pentsa ezazue aurkako iritzia dutenek zer objekzio erabil ditzaketen zuen argudioen aurka, eta idatzi horiei erantzuteko kontra-argudioak.

5. DEBATEA GAUZATU

Biltzar nagusian debatea gauzatuko duzue. Gogoratu helburua ez dela ideia bat edo beste gailentzea, baizik eta iritzi desberdinei buruzko argudioak plazaratzea, zentzuz erabaki ahal izateko galdeketan zer erantzun.

1. Ekin aurretik, antolatu ezazue debatea. Kontuan izan:

  1. Rolen banaketa:
    • Prestatzen aritu direnak iritziaren aldeko eta aurkako taldetan jarriko dira, gelaren aurrean.
    • Irakaslea izango da moderatzailea.
    • Gainerako ikaskideak entzule moduan egongo dira, baina galderak egin ditzakete bi aldeen argudioak entzun ondoren.
  2. Debatearen arauak.

Debateek zer ezaugarri dituzten berrikusi nahi baduzue, hemen duzue informazioa.


6. GALDEKETA GAUZATU

Dagoeneko gaiari buruzko iritzi desberdinak jasotzeko aukera izan duzue; beraz, erabakitzeko unea iritsi da. Has gaitezen galdeketaren bidez gure iritzia ematen.

1. Aurrez egin beharrekoak

  1. Galdeketa antolatzaileko Jarraipen batzordekideek arduratuko dira guztia aldez aurretik prestatzeaz: lekua, hautestontziak, bozketa-orriak, rolak…
  2. Mahaikideak, bere mahaietara hurbilduko dira eta mahaiaren osaketaren akta idatzi.

2. Galdeketa

  1. Erabakitako lekuan eta orduan, bozka ezazue zuen iritziaren alde.

3. Galdeketa ondoren:

  1. Galdeketa mahai bakoitzeko Mahaikideak botoak zenbatu, eta emaitzak aktan idatzi eta sinatuko dituzte.
  2. Akta Jarraipen Batzordeari helaraziko diote eta boto guztien batura egin ondoren, emaitza geletan jakinaraziko dute.

OHARRA

Egunean bete beharreko akten txantiloia hemen duzue


7. GALDEKETA-PROZESUAREN ETA EMAITZEN KOMUNIKAZIOA

Azken saioetan, erronkari aurre egiten aritu zarete. Orain, egindako lana eta emaitzak plazaratzea bakarrik falta zaizue.

1. Biltzar txikiak bildurik, galdeketaren datuak eta emaitza nola sozializatuko dituzuen erabakiko duzue orain. Galdeketan ateratako erabakia kontuan izanik, azter itzazue:

  • Parte-hartze maila eta emaitzak.
  • Erabakiaren onarpen-maila.
  • Faseen arteko lotura eta egondako gatazkak bideratzeko gaitasuna.
  • Erabakia gauzatzeko aukerak edo zailtasunak ikastetxearen barruan.
  • Erabakia gauzatzeko ahalmena nork duen.
  • Ikastetxean sortutako giroa eta aurrerantzean beste esperientzia batzuk izateko gogoa.
  • Zer eta nola aurkeztu nahi duzuen, zuen proposamena onartua izan dadin.

Arestiko gairen bati buruz aldez aurretik protokoloan zerbait idatzi baduzue, berrikus ezazue.

2. Orain, biltzar nagusian, erabaki ezazue zer eta nola emango diezuen zuen erabakiaren berri bai ikasle guztiei, bai zuzendaritzari edo ikastetxeko organo gorenari: zer/nork/nola/noiz jakinaraziko diezuen. Erabaki ondoren, egin beharrekoak banatu, eta ekin lanari!

Adibidez, koordinatzaileek esan beharrekoa minutu eta erdi/bi minutuko bideo batean graba dezakezue, eta bideoa ikastetxeko zuzendaritzari eta/edo organo erabakitzaileari helarazi.